Logotipo Begoñako Andra Mari
Enlace facebook de Begoñako Andra Mari Enlace twitter de Begoñako Andra Mari Enlace instagram de Begoñako Andra Mari Enlace flickr de Begoñako Andra Mari Enlace vimeo de Begoñako Andra Mari

¿PADRES O COLEGAS?

21/12/2015

GELAKO TUTOREA NAIZ, GARAIZ GABILTZA
(Noticia de José Manuel Bujanda Arizmendi – 05/12/2015 – EL CORREO)

Guraso guztiz estimatuak, ni, zuen nerabearen gelako tutorea naiz. Dagoeneko aurtengo ikasturteko lehen hiru hilabeteak amaitzear daude. Luzea guztiontzat. Laster Santo Tomasak, abenduko oporrak, gabon gauak, urte zaharra, Olentzero edota Erregeak. Garaiz gabiltza beraz. Garaiz bide okerra zuzena bihurtzeko. Zuen umearen tutorea izan naiz garai honetan eta askotan izan dut, hori dela eta, zuekin egoteko aukera. Horrek sarri gogoetara ekarri nau, gogarte sakonetara ekarri ere. Ondorioak atera ditut, eta hortxe nabil, nola azaldu zuei esan beharrekoa; izan ere, jakin ondotxo dakit ez duzuela gustuko izango. Gaizki hazitako nerabea da zuen umea, eta abila da gero zuek haren nahierara gobernatzen eta zuengandik nahi duena lortzeko, edonola ekiten diola ere. Sinets egidazue: erabat okertuta egon nahiko nuke.

Ezin, ordea. Batetik, zail egiten zait ulertzea nola sinesten dituzuen itsu-itsuan hark kontatutakoak ikasturte hasiera honetan, eta, bestetik, nekeza zait onartzea nire itzala hain eskasa izatea eta zuengandik inongo babesik ez jasotzea, umearen gehiegikeriei bide ematen ondo dalizue-eta. Nabari agertu da, egite edo ez-egiteen bidez, aspaldi utzi zeniotela guraso izateari; ez pentsa horratik nahita jardun duzuela uste dudanik. Zuei dagokizun erantzunkizunaz, zer esan? Geldi antzean zabiltzate, ez duzue urratsik egiten umea egoki hezteko, eta ez egokitasun horrek, mugarik ez jartzeak, ziurtasun gabeko pertsona bihurtu du umea, intolerante hutsa, porrotari aurre egiten ez dakiena, apetatsu eta zapaltzailea.

Gogor ari natzaizuela? Bai, jakin badakit. Ondo jakin ere! Baina ez naiz, ez, zurikerietan ibiliko! Hobe gordin jokatu! Gainera, guraso estimatuok garaiz gaude, eta zaudete! Ez daukazue eskubiderik une oro hari sudur puntan jartzen zaiona onartzeko, haren aurrean ni gutxiesteko eta oker zabiltzate nire hitzari baliorik ematen ez diozuenean. Ezin duzue itsumustuan sinetsi zuen umearen gogo bero eta berekoiak asmatzen duena. Baketan egotearren egiten duzuenak ordain eskasa ekarriko dizue, bai zuei, bai zuen umeari. Ez eman bermerik haren jokabideari, zigorgabetasunak nahastuta dago eta. Konfian-tza etengabeko ahaleginaren emai-tza da eta horrela azaldu behar diozue. Baina garaiz gabiltza.

Hitz egin zuen umearekin, esaiozue bizitzan eskubideen parean betebeharrak ditugula, eta biak ala biak dagozkigula. Ez eman amorerik ezetza eman behar diozuelako: gogoak ematen dion orduan etxeratu ezin delako, kontrol eta irizpiderik gabe telebista, ordenagailua, tuentia edo facebooka erabili ezin dituelako. Azaldu iezaiozue arau-hausteek berekin dakartzatela ordaina eta isuna. Gogorarazi nahi dizuet gutxien-gutxienik geure burua zuzentzen jakin behar dugula, gure ardurak antolatzen eta egituratzen. Nagusitan ikasiko duelakoan zaudete? Txikitxo eta ez gauza dela oraindik? Okertuko ahal naiz! Ondo onartuta daukat umeak nahi ez duen ororen erantzule nagusia naizela; hitz batean esanda, umeak bete gabe dituen apeta guztiak nik izorratu ditut. Eta zer esan ikastetxean lortu ez dituen emaitza akademikoei buruz.

Baina, sinets egidazue, arazoak zuena izaten jarraituko du, ez da nirea izango, ez erabat nirea behinik behin. Bi urte barru, hiru urte gehienez jot, ez dut zuen semea ikusiko; zuek, ordea, hortxe izango duzue, besaulkiari goxo-goxo atxikita, ordenagailu eramangarriaren edo pleyaren pantailaren aurrean nagituta, egonean eta telebistarekin alfer-alfer eginda, datozen urteotan edonoiz eta edonorekin nahi duena egiten. Hori bizimodua hori!

Zuen bizkar biziko da, eta ezin izango duzue ezer egin, aukera baliatu behar zenutenean guraso izateari utzi zeniotelako. Garaiz gaude, garaiz zaudete. Benetan sumintzen nau zuen umeak pentsatzeak haren tutorea zuek bezain pertsona tolesgarri, bigun, otzan eta aldabera dela, eta latza da gero horrela pentsatzea. Baina halakoa ez naizela konturatu denetan, onerako zein txarrerako naizen naizelakoa izanik, ez nau onartu eta, inongo mugarik gabe, nigana oldartu da, harroputz eta gordinkeriaz oldartu ere. Kezkatuta naukazue. Guztiz kezkatua. Urteotan erreferen-tziarik ez daukaten nerabe asko ezagutu ditut, zaputza ezin gainditu eta pikutara joaten ikusi, gurasoen babesik ez eta utzikeriak galdutako nerabeak horiek guztiak. Etengabeko ahalegina zertan den ez dakite, beldur ematen die porrotak, eta itxura batean eutsi goiari! haien belarriek inoiz entzun ez duten esapidea da. Eta horrek guztiak atsekabetzen nau. Baina garaiz gabiltza.

Heldu naiz amaierara. Zinez diotsuet: espero dut inoiz zuek erabakia hartzea eta asmatzea, zuena den betebeharra osatzea hain zuzen. Eta hona nire azken gogoeta: zuek ez zarete, ezin zarete izan, zuen umearen laguntxoak, babesle eta jasanberak gogaitzeraino, berezkoak dituen huts eta bete ez dituen ametsak gorabehera. Barkatutko didazue, baina honaino lerroz lerro azaldutakoak neure egiten ditut. Guraso baino ez duzue izan behar, ez gehiago, ez gutxiago, eta bada ordua horretan hasteko. Behar-beharrezkoak zarete, inork ezin zaituzte ordezkatu. Saiatzen hasten bazarete gertu-gertu izango nauzue opor hauetatik aurrera, edozertarako lagun, eta poz batean arituko naiz zuokin batera. Opor ederrak izan eta urtarrila arte, ea orduan bideratzen ditugun hainbat gai eta jarrerak. Saia gaitezen bederen, garaiz gabiltza eta. Adeitasunez, Urte Beri On bihotzez! Zuen tutore saiatua naizena.

PARTEKATU / Compártelo
Share on FacebookTweet about this on TwitterShare on Google+Email this to someone


   
IGO / Subir